XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

partiduak ikustera joaten zen txikitako larunbat arratsaldeetan bezala.

- Ederki, Lap -oihu egin zuen gizontxoaren bizkar zabalean zaplada bat emanez.

- Hemendik aurrera hi eta biok lagunak izango gaituk.

- Aizu, marinel hori, bihar biok elkarrekin ontzian. Zer iruditzen?

- Baietz gizona!

- Orain Bowery Street-era neskatxak ikustera. Nik ordaindu.

- Ezz dago zzuri kasurik egingo dizzun neskatxarik Bowery Street-en, Yap -oihu egin zuen tabernatik irtetean ate birakari haien artetik sartu zen bibote beltz eroria zuen mozkorti handi batek.

- Ez, ezta? -esan zuen Lapek buelta osoa emanez.

Mailu itxurako bere ukabiletako batez gako azkar bat jo zuen mozkortiaren masailezurraren kontra.

Gizonak, hankak airean, bizkarraz ate birakariei bultza egin eta barrurantz erori zen.

Ateak haren atzetik itxi ziren.

Garrasi bat entzun zen tabernaren barrualderik.

- Jesus, Maria eta Jose, Lappy! Hau duk hau! - orro egin zuen Budek era berriro zaplada batzuk eman zizkion bizkarrean.

Besotik oratuta zihoazen Pearl Street-en gora, euri-jasaren azpian.

Kale bustien izkinetan, tabernen ateak zabaltzen ari ziren, biei ere harrera distiratsua eginez.

Emakume biluz batzuen gorputz arrosak inguratzen zituzten marko urreztatuen, ispiluen eta letoizko barren argi beilegia whisky edontzietan nahasita barneratzen zitzaien kolpez edanda.

Behin argi beilegi horrek odolarekin bat eginez gero, borborka belarrietara eta begietara iristen zen, eta handik, zorrotadaka, atzamar-puntetatik beherantz egiten zuen, txinpartaka.

Etxeak, euriak belztuak, bi aldeetan ageri ziren zut; kaleko farolak kulunka zebiltzan